Euskal Selekzioa beste urte batez protagonista Gorbeialdean, Aitor Ajuria 5. eta Paul Ormaetxea 9. direla

Irailaren 26an, larunbatean, Zeanuri mendiko lasterketen erdigune bihurtu zen beste behin, Gorbeia Suzien lasterketaren 13. edizioarekin. Bertan izan zen beste urte batez Euskal Selekzioa, eta euskal korrikalariek jardun sendoa osatu zuten maila handiko parte-hartzearen aurrean.

Gizonezkoetan, Aitor Ajuria izan zen Euskal Selekzioko lehena helmugan, 5. postuan, eta Paul Ormaetxea 9. sailkatu zen. Ajuriak, gainera, aurreko urteko bere denbora ez ezik, ordura arte indarrean zegoen lasterketako errekorra ere hobetu zuen. Hala ere, lau korrikalari izan zituen aurretik, aurtengo edizioan izandako maila handiaren erakusgarri.

Gainerako taldekideek ere emaitza sendoak lortu zituzten: Anartz Artola 14. postuan iritsi zen Zeanurira, Ander Amonarriz 19.ean, Iraitz Legorburu 23.ean eta Hodei Samaniego 26.ean. Oier Zubeldiak, berriz, ezin izan zuen lasterketa amaitu.

Emakumezkoetan ere lan txukuna egin zuen Euskal Selekzioak. Leire Uribe izan zen selekzioko lehena, 11. postuan, eta haren atzetik iritsi zen Ainara Alcuaz, 12. postuan. Alcuazen denborak bereziki ondo erakusten du Gorbeia Suzienek urtetik urtera duen mailaren gorakada: aurreko edizioan, aurtengoaren pareko denborarekin, hirugarren postuan sailkatu zen.

Ainhoa Garikano 15. postuan sailkatu zen, Sara Gutierrez 16.ean eta Kiara Angulo 30.ean. Irune Velezek, berriz, lasterketa bertan behera utzi behar izan zuen belaunean zituen arazoen ondorioz.

Bi errekor berri maila handiko edizioan

Gorbeia Suzieneko 13. edizioak 32 kilometroko ibilbidea eta 2.400 metro inguruko desnibel positiboa izan zituen, Gorbeia eta Aldamin erronka nagusi zirela. Eguraldiaren zein ibilbidearen baldintza egokiek lasterketa bereziki azkarra izatea ahalbidetu zuten.

Irteera 09:00etan eman zen Zeanuriko plazan, aurreskuaren eta herritarren animoen artean. Lehen kilometroetatik bertatik, Alain Santamaría jarri zen lasterketaren buruan, Aitor Ajuria, Loïc Robert, Marcos Villamuera eta Manuel Merillas atzetik zituela.

Gorbeiako tontorrera iritsi zenean, Santamaríak 1:26:14ko denbora zeraman. Atzean, Manuel Merillas pixkanaka hurbiltzen hasi zen. Aldamin inguruko zatirik teknikoenean aldea murriztu zuen, eta azken jaitsieran garaipena erabakitzeke zegoela zirudien.

Santamaríak, ordea, bere abiadura baliatu zuen azken kilometroetan eta Zeanurirako bidean aldea handitu zuen berriro. Azkenean, 2:50:24ko denborarekin iritsi zen helmugara, 2023an berak ezarritako aurreko errekorra 6 minutu eta 44 segundoan hobetuta. Manuel Merillas bigarren izan zen, 2:52:07ko denborarekin, eta Loïc Robert hirugarren, 2:53:11rekin. Aurtengo edizioaren mailaren erakusgarri, lehen bost gizonezkoek aurreko ibilbideko errekorra hobetu zuten.

Emakumezkoetan, Sara Alonso izan zen protagonista nagusia. Donostiarrak lehen aldiz hartu zuen parte Gorbeia Suzienen eta hasieratik hartu zuen lasterketaren kontrola. 3:21:27ko denborarekin iritsi zen helmugara, emakumezkoen errekor berria ezarriz eta aurreko marka 12 minutu eta 49 segundoan hobetuz.

Bigarren postuan Denisa Dragomir sailkatu zen, 3:34:44ko denborarekin, eta hirugarren Natalie Beadle, 3:36:16rekin. Sara Alonso helmugara iritsi zenean, gainera, eguneko unerik hunkigarrienetako bat bizi izan zen: garaipena bere taldekide eta lagun Ida Amelie Robsahni eskaini zion, aurreko astean Norvegian mendiko istripu batean hil ondoren.

Sailkapen nagusia

Gizonezkoak

  1. Alain Santamaría — 2:50:24
  2. Manuel Merillas — 2:52:07
  3. Loïc Robert — 2:53:11

Emakumezkoak

  1. Sara Alonso — 3:21:27
  2. Denisa Dragomir — 3:34:44
  3. Natalie Beadle — 3:36:16

Argazki gehiago Flickr-en: https://flic.kr/s/aHBqjD6rSv

Antton Guaresti / Skyrunner World Series

Similar Posts