Euskal Selekzioak asteburu oparoa osatu du Italiako iparraldean, Lombardia eskualdeko Maga Skymaraton lasterketan. Menna, Arera, Grem eta Alben mendiak zeharkatzen dituen proban, maila nagusiko korrikalariek 39 kilometro eta 3.300 metroko desnibela izan dituzte aurrean; 23 urtez azpikoek, berriz, 24 kilometro eta 1.450 metroko desnibela.
Emakumezkoen taldearen lan bikaina
Ainara Alcuaz nafarrak aurreko postuetan egin zuen lasterketa hasieratik amaierara, eta seigarren sailkatu zen. Azken jaitsieran zuhurtziaz aritu zen, bi aste lehenago KIMA lasterketan bihurritutako orkatila ez behartzeko. Horrek denbora pixka bat galarazi zion, eta helmugan atsekabe apur bat bazuen ere, emaitza bikaina eskuratu zuen.
Ainhoa Garikano tolosarrak erregulartasuna izan zuen oinarri. Bere erritmoari eutsi zion, eta hasierako kilometroetan Eneritz Aramendi taldekideari lagundu zion. Lasterketaren kudeaketa on horri esker, zortzigarren postuan iritsi zen helmugara.
Eneritz Aramendi azpeitiarrak, berriz, Euskal Selekzioarekin eta Munduko Kopan egin zuen debuta. Hasieran taldekideen babesa izan zuen, eta ondoren bere erritmoa aurkituta, lasterketa txukuna osatu zuen, ibilbideaz gozatuz. Hamahirugarren amaitu zuen, eta oso pozik agertu zen helmugan.
Ormaetxea eta Artola, lehen hamarretan
Gizonezkoen maila nagusian, Paul Ormaetxeak eta Anartz Artolak ordezkatu zuten Euskal Selekzioa, eta biek lehen hamarretan amaitu zuten.
Paul Ormaetxea muruetarrak denboraldi osoan erakutsitako mailari eutsi zion, seigarren postua eskuratuta. Emaitzak indartu egin du Munduko Kopako sailkapen nagusiko lehen hamarretan sartzeko lehian duen tokia, erronka zaila izan arren.
Anartz Artola hernaniarrak ere aurrerapausoa eman zuen lasterketa luzeetan. Gero eta heldutasun handiagoz lehiatzen dela erakutsi zuen, ahalegina irteeratik helmugara ongi kudeatuta. Bederatzigarren postua lortu zuen, merezimendu handiko emaitza.
Beñat Albisu, garaile 23 urtez azpikoetan
Eguneko emaitzarik aipagarriena 23 urtez azpikoen lasterketan iritsi zen. Beñat Albisu korrikalari nafarrak ausardiaz jokatu zuen Skyrace proban, hasieratik lasterketa buruan kokatuta. Bigarren amaitu zuen lasterketa laburreko sailkapen orokorrean, eta garaipena eskuratu zuen U23 mailan.
Ibai Angulok ez zuen zorte bera izan. Hasierako kilometroetan Albisurekin batera aritu zen, baina beroak eta urdaileko arazoek erritmoa moteltzera behartu zuten. Zailtasunak zailtasun, lasterketa amaitzea lortu zuen.
Euskal Selekzioaren hurrengo hitzordua etxean izango da, Gorbeia Suzien lasterketan.
