Joxe Urbieta Takolo mendizale azpeitiarraren omenez, aurten ere beka bat emango da, Euskal Herriko mendizale, mendi elkarte eta beste edozein eratako talde edo elkarteei zuzenduta. 4.000 eurokoa izango da, eta Azpeitiko Udalak eta Euskal Mendizale Federazioak finantzatuko dute. Proiektuak martxoaren 20rako aurkeztu beharko dira.
Bekaren helburua da goi-mendiarekin, abenturarekin, zientziarekin, esplorazioarekin eta dibulgazioarekin lotuta dauden proiektu originalak, esploratzaileak eta dibulgazioak bultzatzea.
Ebaluazio irizpideak
Aurkeztutako proiektuak ebaluatzeko, batzorde tekniko bat osatuko da adituekin. Irizpide hauek hartuko ditu kontuan proiektuen balorazioa egiteko: proiektuaren originaltasuna (%29 gehienez); proiektuaren zailtasuna (%29 gehienez); parte-hartzaileak (%21 gehienez); parte-hartzaile euskaldunen kopurua (%7); parte-hartzaileen parekotasuna (%7); Euskal Mendizale Federazioan edo Mendi eta Eskalada Kirolen Napar Federakundearen lizentzia izatea eskaera egin baino urte bat lehenagotik (%7); jardueraren eta baliabideen finantzaketa (%21 gehienez); aurrekontua (%7); proiektuaren iraupena (%7); eta proiektua gauzatuko den lekua (%7).
Lortutako puntuazioaren emaitza baloratu beharreko alderdi bakoitzean arrazoituko da. Erabaki-proposamena horretarako eskuduntza duen organoari bidaliko dio batzorde teknikoak, eta hark esleituko du beka. Erabaki hori apirilaren hasieran emango da.
Deialdia eta beka eskatzeko behar diren dokumentuak Azpeitiko Udalaren webgunean daude, laguntzen eta dirulaguntzen atalean.