Jarduera fisiko honetarako bereziki diseinatutako bastoiekin ibiltzean datza ibilketa nordikoa, gure gorputzak oinez ibiltzean egiten duen mugimendu biomekanikoan egiten dugun ahalegina optimizatzeko xedez.

Goiko gorputz-atalaren inplikazioari esker lortzen da hori (besoak, sorbaldak, bizkarra), eta, hanken eta aldakaren indarrari batzean, mugimenduaren eraginkortasuna areagotzen da, abiadura handitzen da eta baldintza arruntetan baino kilometro gehiago egiten dira orduko; horrez gain, egindako ibilbidea berbera izan arren, nekea txikiagoa da, ahalegina gehiago banatzen baita, gihar-talde desberdinen artean.

Gure egoera fisikoa hobetzeko eta giharrak suspertzeko modu erraz, natural eta oso eraginkorra eskaintzen digu, kirol hau egiten duen pertsonaren adina, generoa eta prestakuntza fisikoa edozein izanik ere. Proposatutako teknika modu egokian erabiltzen bada, lan fisikoa gorputzeko giharren gain gelditzen da, giltzadurak gehiegi zamatu gabe, eta onura handiak eskaintzen dizkigu horrek entrenamendu on bat egiteko orduan.

Pertsona guztiontzat egokia den jarduera fisikoa da, beraz, hainbat aukera ematen baititu: ibilaldi terapeutikoa, entrenamendu aerobikoa edo atletei eta lehiaketei zuzendutako berariazko ariketak.

Ibilketa nordikoa, beraz, jarduera fisiko segurua, naturala, dinamikoa, eraginkorra eta moldagarria da, eta gorputz osoa inplikatzen du, modu simetriko eta orekatuan.

Lotutako bideoak