Bilatzeko irizpideak
Mendi-lasterketen modalitatea EMFren estatutuetan bilduta dagoen kirol-modalitatea bat da. Goi-mendietan nahiz erdi- eta behe-mailakoetan gara daitezke lasterketa horiek. Lehiaketa-izaerako horrelako probetan parte hartzen dutenek oso bizkorrak izan behar dute, baina ez hori bakarrik: iraupen handia dutela erakutsi behar dute gainera. EMFren Mendi Lasterketen Araudi Ofizialean jasotzen denaren ildotik, proba batek, ofizialtzat jotzeko, 21 kilometroko ibilbidea bete behar du gutxienez. Eta, igoeran, gutxienez 1.000 metroko desnibel metatua izan behar du.
EMFk baimendutako proba guztiak behar bezala trazatutako, balizatutako eta kontrolatutako mendi-inguruetan garatuko dira, eta une oro parte-hartzaileen segurtasuna bermatzeko zenbait baldintza bete behar dira, horrela, lasterketa horiek homologatzeko aukera izan dadin.
Lokomozio-bide bakarra oinezkoa izango da. Behin-behineko kasuetan, aukeratutako inguruaren baldintzek hala eskatzen badute, sokak erabil ditzakete igotzeko edo jaisteko, edo irrist eginez jarrai dezakete aurrera.
Hormetan gora egitea beharrezkoa den inguruetan, ezin izango da gainditu II. mailako zailtasuna, ez eta % 45eko malda ere. Oso teknikoak diren ibiltarteak alde batera uztea aholkatzen da, lehiakideak ez pilatzeko, alferrikako arriskuak saihesteko eta lehiaketa ez gehiegi moteltzeko.
Probetan, ibilbidea beti asfaltozkoak ez diren bide eta pistetatik, bidezidorretatik, amildegietatik eta horrelako tokietatik egingo da. Hala ere, ibilbide osoaren % 15eko zatia asfaltozko bideetatik, zementuzkoetatik edo beste zoladura batzuetatik egin ahal izango da.
Kirol-modalitate honek izugarrizko hazkundea izan du azken urteotan, hainbat ikuspegitatik: lasterketa gehiago egiten dira, parte-hartzaile gehiago dituzte, lehenengo talde antolatuak agertu dira, eta babesleak ere agertu dira.
EMFren Mendi Lasterketen Lehiaketa Ofizialen Egutegia Euskal Herriari dagokio soilik, eta honako proba hauek sartzen dira:
-Mendi Lasterketen Euskal Herriko Txapelketak, banaka.
-Mendi Lasterketen Euskal Herriko Txapelketak, kluben artean.
-Mendi Lasterketen Euskal Herriko Kopa, banaka.
-Mendi Lasterketen Euskal Herriko Kopa, kluben artean.
-Mendi Lasterketa Bertikalen Euskal Herriko Txapelketak, banaka.
-Mendi Lasterketa Bertikalen Euskal Herriko Txapelketak, kluben artean.
-Mendi Lasterketa Bertikalen Euskal Herriko Kopa.
-Mendi Lasterketa Bertikalen Euskal Herriko Kopa, kluben artean.
-Euskal Herriko Ultra Trail Txapelketak, banaka.
Baina estatu-mailako eta nazioarteko mendi-lasterketak ere izaten dira, eta estatuko egutegi ofiziala EMFren antzekoa da; nazioartean, berriz, Munduko Koparako eta Txapelketarako eta Europako Txapelketarako puntuagarriak diren proba batzuk ere badaude.
Mendi-lasterketak ingurumenarekin errespetu handiz jokatuz egiten dira beti, eta antolatzaileak berak dira horri horrela izan dadin interes handiena dutenak, EMFren gidaritzapean, betiere. Kopako probetan, atzerriko kirolariek parte hartzeko aukera dute, beren herrialdeko federazio-lizentzia badute, betiere, eta erantzukizun zibileko aseguru bat eta proba egingo den lurraldean estaldura duen istripu-aseguru bat badutela ziurtatzen badute; aukera hori ez da baliagarria parte hartzeko aukera izan arren sailkapen ofizialari begira soilik EMFren federazio-lizentzia dutenek edo hark onartutako federazio-lizentzia dutenek puntua dezaketen txapelketetan; eta, kasu horretan, erantzukizun zibileko aseguru bat eta beharrezko estaldura duen istripu-aseguru bat kontratatuta dutela egiaztatu beharko dute lasterketa hasi aurretik.
Mendi-lasterketetan, honako kategoria hauek parte har dezakete:
Kategoriak (gizonezkoak eta emakumezkoak):
- Kadeteak: 15 eta 16 urte, hau da, erreferentzia-urtean 17 urte ez betetzea.
- Gazteak: 17 eta 18 urte, hau da, erreferentzia-urtean 19 urte ez betetzea.
- Juniorrak: 19 eta 20 urte, hau da, erreferentzia-urtean 21 urte ez betetzea.
- Kategoria
absolutua: 21 urtetik aurrera (erreferentzia-urtean bete behar dituzte)
Azpikategoriak (gizonezkoak eta emakumezkoak):
- Beteranoa A: 40 urtetik 49 urtera arteko gizonezkoak eta emakumezkoak, urte horretan 50 urte betetzen ez dituztenak
- Beteranoa B: 50 urtetik 59 urtera arteko gizonezkoak eta emakumezkoak, urte horretan 60 urte betetzen ez dituztenak
- Beteranoa C: 60 urtetik aurrerako gizonezkoak eta emakumezkoak, urte horretan 60 urte betetzen dituztenak
Denboraldi
osorako kontuan hartuko den adina parte-hartzaileak lehiaketa izango den urte
horretako abenduaren 31n duena izango da.